Mostrando entradas con la etiqueta ordenantza. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta ordenantza. Mostrar todas las entradas

2017-03-28

Aukerarik baztertzaileena: arautu gabeko negozio pribatuak dominio publikoan

Hiru aukeretatik, baztertzileena aukeratu du Zaldibiako udalak.
Ez da halabeharrez gertatu den zerbait. Aukeratua izan da.
Zaila da ulertzea Francoren garaian sortutako arazoari Zaldibiako udalak sendotzeko jarraipena ematea: dominio publikotik zanpatutako 90  m2-ri orain 170 m2 gehiago gehitzen dizkio. Are gehiago, zailagoa da ulertzea, diruzaleen interesak aurretik jarriz, dominio publikoan negozio pribatu eta pribatiboa lehenestea, horretarako auzokideak baztertu behar baditu ere.

Jakina, udalak erabakia beste era batean zurituko du, baina egunero gune horretan ikusiko dugunak udalari ederki asko erakutsiko dio gezurretan ari dela,
Bertan datza.


Ondorioak
Zaldibitarren interesen izenean erabakiak hartzeko gai izateak hartutakoen neurri horien  ondorioen arduradun egiten du, banan banan
Hamargarren legislatura, 2015eko maiatzaren 24a
Etorkizunean gerta daitezkeen ondorioen aurrean prestu eta leial arduraren jabe izatea espero dugu:
  • Elosegi Enea, Aztiriaga, Errementari Goiko eta Arreseko gune publikoan gerta daitezkeen abusuen aurrean,
  • tabernaren terrazak dominio publikoaren okupazio ilegalaren aurrean, auzokideek sufrituko lituzketen oztopoetan,
  • sortuko diren babes-gabezien egoeretan,
  • GI-2133 errepidera sartu-aterean maniobra egiterakoan areagotuko diren arriskuetan,
  • Orokorrean,udala ageri den dominio publikoa babestearen konpromezu faltagatik, sortuko liratekeen liskarretan.
Gaur bertan, garaje sarrera kotxe batek oztopatzen zuen. Lehenengo egunetik. Noiz arte?
Prestu eta leial izatea espero zaituztegu, ezin bestela.
Bertan datza.


Aukerarik arrazoizkoena
Behin eta berriro, aspalditik (2012. urtetik), soluzioa eskatu dugu eta eskatzen ari gara.
Lau arrazoi simple hauengatik:
  1. Lurzoru publikoaren defentsa nabarmen geratzen da,
  2. Irisgarritasunerako lehentasunak ziurtatzen dira,
  3. Aprobetxamendu pribatibo eta pribaturako gunea ahalbidetzen da, beti ere, legeak beteta, konzesio erabaki publiko baten bidez udal osoko bilkuran aprobatzear dagoen ordenantza bat jarraikiz,
  4. Kotxe bat esparru publiko honetatik pasatzen den aldiko, 60 segundo besterik ez dira.
Zaldibian otsoa artzain
Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.

2017-03-10

Zaldibiako terrazen ordenantza baten zirriborroa

Zaldibiako terrazen ordenantza baten zirriborroa, Udalak egin behar zuena/duena.


Hausnarketa
Jabari publikoko ondasunen ohiko erabilera bereziak, espazio publikoaren okupazioak barne,  lizentzia beharko du. Okupazioa gertatu bada eta lizentziarik ez badago, egoera hau ilegala da. Okupazioa, onartua izanda ere, ilegala da udalak espazio publikoaren okupazioa legeztatu behar duelako nahitaezko lizentziaren bidez. Lizentzia honek  okupatuko den espazioaren mugapena, baimendutako instalazioaren baldintzak eta betekizunak ezarri beharko ditu.




Udalak egin behar du orain arte egin ez duena, hots, ordenantza bat. Okupazio mota hauei buruzko ordenantza baten bidez udalak irabazizko aprobetxamendu hauen betekizunak eta baldintzak ezarri behar izango ditu baimen-erabakiarekin batera.
Orain arte, 98 Legean xedatutakoaren ildotik baliabide publikoak behar bezala kudeatzeko beharra alde batera utzi delako eta espazio publikoa mahai eta aulkiekin okupatzearen tasa likidatu ez duelako Zaldibiako Udalak ez ditu bere bilketa zereginak gauzatu.




1.-  Xedea, esparrua eta betebeharrak
Terrazen ordenantzaren aurreproiektuaren zirriborroa
ZALDIBIAKOA?
Xedea
Espazio publikoaren okupatzeari erregimen tekniko eta juridikoa finkatzea.

Definizioak
Terraza: establezimendu jakin baten  jardueran modu osagarrian gauzatzeko aukera erabiltzen duen bestelako edozein altzariz osatutako instalazioak: mahai, aulki edo besaulki, eguzkitako, estalki, alboko babes, loreontzi edo publizitate elementu.

Mahai batek eta binaka aurrez aurre jarritako lau aulkik osatuko dute mahai-aulki multzo arrunta; mahai-aulki multzo bakoitzaren okupazio-azalera teorikoa, berriz, 1,80 x 1,80 metro (beraz, 3.24 m2).

Esparrua
Erabilera publikoko espazio orori aplikatuko zaio ordenantza hau.

Betebeharrak
Terraza jarri baino lehen, udal baimena eskuratu beharko da aldez aurretik.

Terraza guztiek irisgarri izan behar dute.

Ingurumenaren alorreko araudiak ere errespetatu behar dira..


2.-  Terraza eta dagozkion altzariak instalatzeko baldintza teknikoak
Terrazak instalatzea baimendu daitekeen erabilera publikoko espazioak
Inolaz ere ezingo da baimendu terrazak instalatzea oinezkoentzako pasabideen espaloi-guneetan, oinezkoentzako igarobideak dira eta.

Ezingo da jarri oinezkoen nahiz ibilgailuen joan-etorriak oztopa litzakeen elementurik.

Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea eta arau teknikoak onartu zireneko apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuaren arauak bete beharko dira:
  • herri-ibilbideek jarraituak izan behar dute, eta ahalik eta ibilbide laburrenetik joan,
  • fatxadako lerroarekin mugakidea den espazioa libre uzten duten ibilbideak (oinezkoentzako ibilbidearen zabalera librea, 2/1,5 m)
  • altzariak oinezkoentzako ibilbidearen luzetarako noranzkoan lerrokatuta antolatuko dira.

Luze-zabalak
Espazio publikoa eta irabazizko erabilerara bideratutako espazioa desberdindu behar dira  terraza bakoitzak okupatu behar duen toki zehatza seinaleztatuz.

Erabilera publikoko espazioa okupatzeko baldintza teknikoak
Fatxadaren ondoan, oinezkoentzako ibilbide irisgarri bat bermatu beharko du instalazioak: ibilbideak 2,20 metroko altuera dielarik.

Ezingo da oztopatu etxe-atarietatik galtzadara iristea, ezta ibilgailuen sarrera-irteera maniobrak zaildu ere, pasabideetan.

Altzariak kendu egin beharko dira bide publikotik.

Alboetako babesak
Mahai-aulkien instalazioak hartzen duen esparrua mugatua, eta mahai-aulkiak mugikorrak izango dira.

Aldi baterako itxitura duten terrazak
Erraz kentzeko moduko itxiturak dituzten mahai-aulki terrazak baimendu ahal izango ditu Udalak, beti ere urtebeteko funtzionamendu aldirako.

Estetika arauak eta altzarien ezaugarriak
Mahai eta aulki eredua: pilagarriak, kalitate onekoak,  homologatuak,  estetika bateratutakoak, erraz kentzekoak, arrastaka eramatean zarata gutxitzeko hanka-muturrak gomaz hornituak.

Galerazita egongo da terrazetan inongo musika tresneriarik, bozgorailurik edo telebistarik jartzea.


3.- Erregimen juridikoa
Udal baimena
Segurtasunari, ingurumenari, herri estetikari, irismenari errespetatuz, esparru publikoa okupatzeko udal baimena administratiboa eskuratu beharko da aldez aurretik.

Baimena indarrik gabe geratuko da, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe, interes publikoa lehenesten denean: obrak, ospakizun publikoak, jaialdia, larrialdi egoerak

Bai udaletxeari bai auzokoei sortzen dizkieten kalteen erantzule baimenaren titularra izango da.

Baimentzeko baldintzak
Baimena jabetza eskubidea salbu delarik eta inoren eskubideei kalterik ez eragitekotan ematen dela ulertuko da.

Baimenaren titularrak erantzukizun zibilerako eta suteen aurkako asegurua terrazen  funtzionamenduak lekartzakeen arriskuetara zabaldu beharko du.

Jardueraren titularrak sor litezkeen kalteen aurrean erantzuteko, aldez aurretik bermea jarri beharko du: urtebeteko tasa adinekoa.

Terrazen garbiketa orokorra establezimendua itxi ondoren egin beharko da.

Eguna bukatzean, establezimenduaren titularra behartuta egongo da altzari guztiak gune publikoko espazioetatik kentzera, okupatutako espazioa erabat garbi utzita.

Altzari pribatuetan publizitatea jartzea posible da, baldin eta gehienez ere 0,20 x 0,20 metro azalerakoa den.

Funtzionamendu ordutegia
8:00etan hasi ahal izango da terrazak jartzen, 8:30az geroztik funtzionatzen has daitezen, 23:00ak arte. Ostiraletan, larunbatetan eta jai bezperetan, ordubete beranduago (itxiera berriz, ekainaren 1.etik irailaren 30era bitartean, 30 minutuz geroratu ahal izango da).

Terrazak jartzeko baimena emateko prozedura
Terrazak instalatzeko egiten diren baimen-eskabideei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:
  • Jardueraren titularraren izen-deiturak eta nortasun-agiria edo IFZ.
  • Indarrean dagoen araudian jarduera burutu ahal izateko eskatzen den irekitzeko baimena
  • Eskatzailea Ekonomi Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea.
  • Instalatzea aurreikusten den mahai-aulkien kopurua eta elementu osagarrien zerrenda,
  • Kokalekuaren azalpena, planoan jasoa, eta instalatu nahi diren elementuek okupatuko duten luze-zabalaren eta horien kokapenaren xehetasunak.
  • Aldameneko establezimenduen titularren berariazko baimena, baldin eta jardueraren fatxada baino gehiago okupatuko bada.
  • Establezimenduaren erantzukizun zibilerako eta suteen aurkako aseguru-saria ordainduta dagoela egiaztatzen duen agiria.
  • Jardueraren funtzionamendu aldia.

Dokumentazioa osatu ondoren, txosten teknikoa egingo da, eta bertan adieraziko zer baldintza zehatz bete beharko diren:
  • Gunearen neurriak, mugak, guztira zenbat mahai eta aulki, altzari osagarri ...,

Indarraldia
Eskatzen den urterako emango da baimena. Luzatu daiteke gehienez ere hiru urte, baldin ez bada holakoa gertatzen
  • sortutako kalte edo eragozpenen ondorioz aldez aurretik prozedura arrazoiturik abiatu bada.
  • baimenaren baitako baldintzak edo ordenantza bera ez direla bete frogatzen bada.
  • tasa ordaindu ez bada.

Baimena iraungitzea
Udalak baliogabetzen badu, interes publikoko arrazoiengatik, kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
  • baimenaren baitako baldintzak, ordenantzan ezarritako arauak nahiz aplikagarri den bestelako edozein arau ez betetzearen ondorioz.
  • bide publikoa okupatzeko tasa borondatezko epean ordaindu ez bada.

Bide publikoa okupatzeko tasa
Esparru publikoa okupatzeko tasa ordaindu beharko dio udalari, ordenantza fiskalaren arabera. Adibidez,
  • mahai-aulki multzoko hainbeste,
  • metroko hainbeste.


4.- Legezkotasuna lehengoratzea eta zigortzeko erregimena
Udalaren esku-hartzea
Xedatutakoa betetzen dela egiaztatzeko ikuskaritza eta kontrol zereginak Udalari dagokio.

Herritar batek udaletxean kexaren bat jartzen duenean, hamabost eguneko epean espedientea udalak irekiko du.

Legezkotasuna lehengoratzea
Arau-hausleari eraldatu den egoera lehengora bihurtzeko eta sortutako kalte-galerak ordainarazteko eskatuko zaizkio.

Terrazak baimena eskuratu gabe jarri dela edo ez direla errespetatu emandako baimenean zehaztutako baldintzak, horiek berehalakoan kendu edo egokitzeko eskatuko zaio negozioaren arduradunari.

Arau-hausteak
Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak. Esaterako,
  • Arina: Mahaiak, aulkiak edo elementu osagarriak baimendutako eremutik kanpo jartzea..
  • Larria: Funtzionamendu ordutegia amaitzean terrazetako altzariak kentzeko obligazioa ez betetzea.
  • Oso larria: Urtebeteko epearen barruan bi arau-hauste larri baino gehiago egitea.

Zigorrak
  • Arau-hauste arinak XXX euro arteko isuna.
  • Arau-hauste larriak XXX eurotik X.XXXera arteko isuna.
  • Arau-hauste oso larriak X.XXX eurotik X.XXXra arteko isuna.

Zigorren mailaketa
Irizpideak:
  • Nahita edo behin baino gehiagotan egin izana.
  • Zer-nolako kalteak eragin diren.
  • Antzeko arau-haustea berriro egitea, ebazpen irmoz hala egin dela adierazi bada.

Zigortzeko prozedura
Zigorrak jartzeko, aldez aurretik zigortzeko prozedura izapidetu beharko da, legedi orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoen  zigortze ahalmenaren arabera.



Zaldibian, otsoa artzain
Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.

2017-02-21

Ez da ematen duena: Inauterien Kronika

Inauteriak direla eta, Arrese Jatetxearen aurreko gunean pinguino talde bat (Aptenodytes forsteri) bart botiltzarra ospatzen aritu zen. Hankabiko animalia atsegin hauek Zaldibiako Udalari aipatu gunea oinezkoentzat izendatzearen asmoa eskertu nahi izan diote. Jakin ondo dakite esparru hau, ia 170 m2 izatera iristen ez dena, oinezkoen gainontzeko guneetatik aparte eta taberna horren ondoan kasualitatez  dagoela.
“Ez gara horko tabernaren bezeroak; ez gara kontsumitzaileak, "oinezkoak" baizik. Urrutiko tokietatik etorriak gara Udalari bere intentzioa eskertzera”, adierazi zuen bertan dagoen farolatik salto egiten zuenak. Beste batek, lasaiagoa bera, esaten zuen edariak Eroskin erositakoak zirela. “Ez da ematen duena, botiltzarra da soilik”, aditzera ematen zuen bere Zaldibia mozorroa txukuntzen zuen bitartean.


(Udalak Elosegi Enea, Aztiriaga, Errementari Goiko eta Arreseko gune publikoan hartzear dagoen erabakia mozorrotuta dator.)


Zaldibia, otsoa artzain
Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.

2017-02-06

Zaldibia herrian beste erizpide batzuk defendatu behar ote ditugu?

GARA, 2017/02/6, 14. orrialdean, bazetorren iritzi artikulu bat, Aloña Jauregi Irastorzak sinatuta, Aralar, Foru Aldundia eta … EH Bildu. Dominio publikoari buruz ari zenez, hona ekarri dugu oso interesgarri delako bereziki bi paragrafo hauengatik:

Bata, Arralarreko balioa babesteaz hartutako erbakiari buruz:
“Zorionez, garai hartan norbaitzuek burutsu jokatu zuten, eta Aralarren Gipuzkoako zatia “natur parke” izendatzea lortu zuten; batez ere, lurraldeko industrializazioaren atzaparretatik salbu izateko, baita mundu mailako natur baliabideen ustiapen eredu basatiaren erasoetatik babesteko ere.”
Bestea, etengabeko erasoengatik dominio publikoa babestu abeharraz:
“Guztion ardura da Aralar Natur Parkea zaintzea eta babestea, baina, batez ere, bertara joaten garen gizakiona, jakina baita gizakia iristen den leku guztiak, zoritxarrez, etengabeko giza erasoetara kondenatzen ditugula. Eta nork du, Aralar Natur Parkea jasan ditzakeen giza eraso horietatik babesteko ardura eta eskumena? Gipuzkoako Foru Aldundiak; bera da Natur Parkearen zaintzaren arduradun nagusia. Berak jarri behar lizkieke mugak eraso horiei.”

Ale berean, GARAk, 2017/02/6, 19. orrian, ba zekarren beste testu bat Aralarko Oiduegi txabola nahita erre dutela uste dute elkarteek izenburua zuena, erredakzioan idatzita. Interesgarria hau ere zoritxarreko gai baten inguruan aipatzen zituen hainbat gauzagatik:

“EH Bilduk ere zaldibiarrei zein “Aralar bizi eta maite” duten lagunei elkartasuna helarazi nahi izan zien eta Gipuzkoako Aldundiari “tentsio handiko dinamika honetatik” atera eta “adostasunak bilatzeko prozesu bat” sustatzeko eskatu zion. “Aralar denona delako denon artean babestu behar dugu”, azpimarratu zuen koalizioak.”



Zaldibia herrian beste erizpide batzuk defendatu behar ote ditugu? Zaldibian badago aberastasunik eta udalak aberastasun hori, guztiona dena, danon alde kudeatu behar du. Aberastasun hauetako bat lurzoru publikoa da, Zaldibian etengabe erasotua izan dena. Guztion ardura, bereziki udalarena, zaintzea eta babestea da, batez ere diruzaleen hatzaparretatik: bere negozio pribaturako dena baliogarri iruditzen zaie nahiz eta horrek alboko auzolagunei kaltea eragin (zaratak direla, ezin dute bere etxeetan lasai egon;  espaloi eta kaltzada bezeroez gainezka, pasatu ezinik ibili).

Hau guztia dela eta, ea burutsu jokatzen dugun eta danon baliabideen ustiapenean errespetuzko eredua salbu gordetzen dugun. Horrela datozen belaunaldiei iraskasteko baliagarria izan dadin.


Zaldibian, otsoa artzain.
Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.

2017-02-05

Aukerarik arrazoizkoena

Dauden aukeren artean arrazoizkoena erabilera partekatutako esparru publikoa izendatzearena da: gune honetan erabilera publikoa eta pribatua ahalbidetuz. (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, 2015ko uztaila, Antolamendu zehaztua. Kalifikazioak. Erabilera. Hirigunea mapak aukera hau posiblea egiten du)


Horretarako arrazoiak badaude hala nola:
  1. Lurzoru publikoaren defentsa nabarmen geratzen da,
  2. Irisgarritasunerako lehentasunak ziurtatzen dira,
  3. Aprobetxamendu pribatibo eta pribaturako gunea ahalbidetzen da, beti ere, legeak beteta, kontsezio erabaki publiko baten bidez udal osoko bilkuran aprobatzear dagoen ordenantza bat jarraikiz,
  4. Kotxe bat esparru publiko honetatik pasatzen den aldiko, 60 segundoko epea da.



2012.eko martxoaren 12an, 2015.eko ekainaren 5ean eta 2015.eko  abenduaren  10ean aurreko aukeran zehazten dena Udalari eskatu genion udal erregistroan sartutako idazki banaren bitartez. Gaur egun eskaera bera eskatzen diogu. Udaletxean Hirigintza batzordearen zinegotzi eta arkitektoarekin  bilera bat izan genuen, baina zertarako bilera batera joan aurretik dena ondo irmoki erabakita dagonean? Are gehiago, ba al du zentzurik bilera batek Udalaren ordezkari batek, dagoeneko erabakita zegoenaz aparte, proposatutakoa onartzen ez denean?

Beraz, gai honetan ez dago akordiorik, ezta kontsensurik ere.

Jakina, udalak badu esparru publikoa antolatzeko eta kudeatzeko ahalmena. Baina ezin du edonola egin ( ikus Udalak hartzear duen erabakia egokia al da? sarreran udalari egiten zaizkion galderak).

Zaldibian, otsoa artzain
Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.

2017-01-30

Denona nire?

Espazio publikoa pertsona guztiei era berean eta bereizkeriarik egin gabe dagokien espazioa da. Errealitatea, alta, Zaldibian oso desberdina da: gero eta gehiago, gero eta lotsagabeago aprobetxamendu pribaturako terrazak esparru publiko handiago bereganatuz joan dira. Udalak honen aurrean parte ez hartzearen ondorioak jakinak dira: okupazio hauek, zarata dezibel kopurua hondagarria izateaz gain, kalte handia ekartzen diete alboko auzokideei, pertsona guztien erabilera  orokorra hein handi batean mugatu egiten dutelako, oztopatzen ez badute behintzat.

Adibide bat, Iztueta Etxea, Kapagindegi, Santa Fe kalean, 88.ean, gertatzen dena. Nolako maniobrak egitera behartuko ditu, oinezkoentzat gune izendatzearen aitzakiaz, lurzoru publikoa aprobetxamendu pribaturako erreserbatzeak?

Okerrena, dena den, udalak agerian utzitako kontraesanak: bata, bere burua ezkertiar definitzen duen udal batek espazio publikoaren erabileran ere ekimen pribatuaren alde apustu egiten du; eta, bigarrena, oinezkoentzat erabakitzear dauden  gune publikoetan herriko altzariak kentzen ditu.

Zergatik lehenetsi espazio publikoaren aprobetxamendu pribatua ematea inguruko auzokideei, hauek ere herritarrak, sortzen dizkien kalteak kontutan izan gabe?


Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.

2017-01-23

Harrapazka

Zaldibian espazio publiko okupatzearen historia luzea da, hain luzea non gaur egun ez dugun asmatzen, ez dakigun gauzak beste era batera egiten, oraingo egoera ilegala normaltzat hartzen baitugu.Ez dugu pentsatzen beste era desberdin batean egin daitekeenik ere. Nola bestela? Zaldibiako udal zein hidrauliko espazio publikoaren erabileraren aurrean badaude denona den aberastasun hau kudeatzeko  modu desberdin batzuk, tartean legala,  ze berriro diogu, oraingo egoera hau ez dela legala.

Legezkontrakotasun hau hobeto ulertzeko espazio publikoa ilegalki okupatzeko pausu batzuk aipatuko ditugu adibide gisa:

  1. 1955-1975, Urtsubi errekaren ubidearen inbasio eta estaldura,
  2. Bariente berria egin baino lehen, GI-2133 (Ordizia - Zaldibia - Abaltzisketa -Amezketa) ibilbidea zaharra zenean ere, metro bateko zabaleraren espaloi batean banku luze bat kokatzea zeinetan oinezkoak errepidearen galtzadara jaistea behartzen zituen,
  3. 2011, Tabakoaren aurkako Legea indarrean sartzen denean, altzairu pribatuek domeinu publikoa inbaditzen dute: bi mahai luze, kupela (1, 2, 3), toldoak, mahai bat eta lau aulkien multzoak (4, 5, 6, 7, 8, 10 multzo), eguzkitakoak, ...
  4. Herriko altzairu publikoa kendu (bi banku eta bi paperontzi),

Gune publikoaren jabari-afektazio guzti hauen aurrean, udalak egiten utzi du. Espazio publikoa defendatu beharrean, udalak egiten utzi du. Interes-gatazka dagoela tarteko? Eskumengabetasuna agian? Okerrena, dena den, udalak agerian utzitako kontraesanak: bere buruak ezkertiar definitzen dituztenek espazio publikoaren erabileran ere ekimen pribatuaren alde apustu egiten dute; oinezkoentzat erabakitako gune publikoetan herriko altzariak kenduz.

Espazio publiko inbadituz, terrazek pertsona guztien erabilera  orokorra hein handi batean mugatu egiten dute, oztopatzen ez badute. Udalak orain arte egin duen kontrakoa egin behar zuen: espazio publikoaz egin diren erabileren aurrean, eta bereziki, aprobetxamendu pribatiboen aurretik, udalak guztiok egiten dugun erabilera hobeto babestu eta lehenetsi egin behar zuen.

Espazio publikoa pertsona guztiei era berean eta bereizkeriarik egin gabe dagokien espazioa da; udalak eman behar zion lehentasuna guztion erabilerari. Bereziki, espazio publikoaren erabilera komuna babestu egin behar zuen, hauxe bai da udalaren erregulazioaren ahalmenaren xedea, hots, kalitatezko erabilera komunaren nagusitasuna eta lehentasuna ezartzea gainerako erabilera pribatibo edo mugatzaileen aurretik; berriro diogu,  hauxe izan behar zuen udalaren jardunbidean aplikatzeko irizpide orokorra. Ez da alferrikakoa izan behar udalak egindako ahalegin inbertsorea pertsonentzako kalitatezko espazio publikoak hobetu, berreskuratu edo sortuz (hainbat kasutan, espazio pribatua desjabetuz). Hain zuzen, guztiengandik bildutako  zergek ahalbidetu dituzte egindako urbanizazio eraberritzeak herriko altzariak berrituz edo ibilbideen irisgarritasuna hobetuz. Alferrik.

Egunero jasaten duenak ondo dakienez, okupazio hauek kalte handia ekartzen diete alboko auzokideei. Egunero. Arraroa dena, oso, espazio publikoaren erabileraren inguruan sortzen diren gatazketan, guztion erabilera publikoa eta erabilera pribatibo mugatzaileen artean hain zuzen talka egiten diren guneetan , udalak espazio honen aprobetxamendu pribatuaren aldeko apustua egitea. Hori gutxi ez balitz, herritar guztiek jasaten dute udalak espazio publiko okupatzeagatik ordenantza fiskalak  arautzen duen tasa  ez likidatzea; udalak, beraz, ez ditu kudeatzen behar bezala baliabide publikoak.

Zaldibian, otsoa artzain
Jabetza publikoaren alde, udal zein hidraulikoa. Informazio gunea.